Onintza Enbeita

Oldea

2025eko abenduaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dut bere izenaz gogoratu nahi. Liburu bat argitaratu du indarkeria matxista ukatzeko. Bueno, berez, liburuaren funtsa salaketa faltsuak omen dira. Ez dakit zenbat kasu eta zenbat urte aztertu beharko zituen salaketa faltsuak aurkitzeko, baina edonola ere askoz errazago egin ahal izango da liburu bat salatu gabeko kasuekin salaketa faltsuekin baino. Ziur. Indarra hartzen ari da salaketa faltsuen kontua. Kezkagarria zait gizartean oro har eta gazteen artean zehazki gai horrek izan dezakeen indarra. Errelato berria asmatu dute matxista izatea desberdina eta iraultzailea izatea dela esanez, baina ez dezagun geure burua engainatu: matxista egiten zaituena da emakumeak zapaltzea. Eta zapaltzailea bazara, ezin zara iraultzailea izan: are gutxiago goitik behera zapaltzen duzunean. Iraultzak behetik gora egiten dira: horregatik dira iraultzak. Kontua da telebistan agertzen diren iritzi emaile zenbait, sare sozialetako eduki sortzaileak, kirolariak, artistak… ari direla salaketa faltsuekin jo eta su. Indarkeria matxista salatzeak naturalizatuta eta barneratuta geneukan indarkeria asko mahai gainean jartzera eraman gaitu, eta horrek maite ditugun gizonak ere ispiluaren aurrean jarri ditu. Ez nau bereziki kezkatzen idazle bat bakarraren liburuak, baina feminismoaren kontrako oldeak handia izateko nahia du, eta indarrak biltzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.