Oviedoko alkateak ez du uste kalean homosexualak jotzen ibiltzen diren gazteak jende gaiztoa direnik. Gazteen gauzak omen dira. Gizon batek emakume bat hiltzen duen aldiro telebistan ateratzen den jendearengan pentsatu dut. Beti dago norbait gizonak jatorra ematen zuela esaten duena: «Igogailuan sartzerakoan beti agurtzen gintuen», «gizon ona ematen zuen, atsegina zen hizketan». Ez dakit nik zerk desberdinduko dituen onak eta txarrak eguneroko gauzetan. Ez dut uste emaztea hiltzeko asmoa daukan gizonak bere burua nabarmentzeko gogorik izango duenik. Ezta haien lagunak marikoiak direlako baztertuko dituzten gazteek ere. Badakite gizartearentzat zer den susmagarria eta zer ez. Halaber, badakite haien ekintzak justifikatu eta barkatuko dituen jendea ere badela.
Hiri bateko alkateak eraso homofobo baten ostean egin ditzakeen azalpenak izan daitezke onak, egokiak, desegokiak edo Oviedokoak egin dituenak. Eraso egindakoei barre eta burla egitea baino ez da hori. Nik ez dut jende ona badenik zalantzan jarriko. Izango dira gizon onak, eta oso onak ere bai. Kontua da haien sexualitatea libre bizi nahi dutenak jotzen dituzunean ona izateari uzten diozula, edo zure umeen ama kolpeka hil duzunean ez duela inporta igogailuan nor agurtzen zenuen eta nor ez. Hiltzaileak eta erasotzaileak ez dira onak. Bestela ez lukete halakorik egingo.

