Nire bertso ibilbideaz edo bizitzan egin ditudan beste gauzez galdetzen didatenean, patxadaz erantzuten dut. Ideologian eta teorian kokatuta dauzkat praktikan bizi izandako hainbat gauza. Momentuan ez nituen horrela bizi izan, ordea. Perspektibak asko laguntzen du gauzei izenak jartzen eta norbere sentipenak ulertzen. Norberak bizi izandakoen inguruan daukagun iritzia aldatu egin dezake perspektiba hartzeak. Pauso bat atzera ematea nahikoa da zorabiatuta gauzkan horri beste ertz batetik begiratzeko, eta zein garrantzitsua den hori. Gauzak ez baitira beti gure lekutik usaintzen ditugun modukoak.
Historiako azterketak gainditzeko ikasten genuenean, Egiptori buruzko datu asko ikasi genituen: piramideak, Kleopatra, hieroglifikoak, momiak, Tutankamon… Azterketak gainditu orduko ahaztu zitzaizkigun ñabardurak eta gure buruan denak nahastu ziren. Orain, ostera, liburuak itxi eta historiari perspektibaz begiratuta, konturatu naiz Kleopatra hurbilago dagoela gugandik piramideen eraikuntzatik baino: Kristo aurreko 69. urtean jaio zen bera, eta Keopsen piramidea Kristo aurreko 2560an eraiki zuten. Kristo ondorengo 2026an bizi garenok, beraz, piramide hura egin zutenak baino hurbilago gaude Egipto izan zenaren irudi hain garrantzitsu bihurtu dugun Kleopatrarengandik. Perspektibak gauza asko aldatzen ditu gure baitan.