Onintza Enbeita

Postdurango

2025eko abenduaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Durangoko Azokak erresaka handiak uzten ditu: emozionala eta bestea. Egun ederrak izaten dira: oasi bat euskaraz sortzen duen jendearentzat. Urte guztiko sikateari buelta emateko da Durango. Jendetza batzen da, eta Gernikako azokara joaten hasi nintzenean esan zidaten moduan, «etorriz gero, beti saltzen da zerbait». Durangoren kasuan, asko saltzen da. Kontua da urte osoan ez dugula halako loraldirik izaten euskaldunok. Ez idazleek, ez irakurleok. Bakoitzak ahal duena egiten du: edo asmatzen dituzu zure liburuari buruz hitz egiteko espazioak, edo etxean gelditzen zara norbaitek zerbait esateko zain. Zaila da euskaraz sortu eta beste lanik egin gabe egunero hiru aldiz jatea. Durangon egon diren sortzaileen oso ehuneko txikia bizi da idaztetik, edo idazteari lotutako jardueretatik. Gehienek denbora librea dutenean, bekaren bat lortzean… idazten dute.

Ez dakit euskaldunok inoiz pentsatu dugun ea zenbat emango lukeen gure literaturak zehazki, edo kulturak orokorrean, sortzaileek sortze hutsera bideratuz gero haien denbora. Duguna ederra bada, pentsa zer izan daitekeen izango genukeena. Baina urte guztian ez da abendua izaten, eta hamaika hilabetez sold out egingo duten ekimenetara baino ez gara joaten. Lantzean behin liburu bat irakurtzea edo hitzaldi edo aurkezpen xume batera joatea bezain ekintza errazak egingo bagenitu…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.