Onintza Enbeita

Pribilegioa

2026ko uztailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hasi da jendea hara eta hona. Whatsappeko argazkiak ikusten ari naiz, baita sare sozialetakoak ere. Zein baino zein urrunago doa jendea, eta argazkiak bidaltzen dituzte taldeetara. Halako lekuetako etxe orratzak, besteko hondartzak, mendia, bigarren etxebizitza daukaten herriko kuadrilla… Begiratzen diet batzuei eta besteei, eta inoiz baino lasaiago nago etxean. Ez didate inbidiarik ematen. Badaude ikusi nahi ditudan lekuak, jakina, baina ez dut haietara joateko antsietatearekin bizi nahi. Neure burua konbentzitu dut: bidaiatzea munduaren zati txiki bateko jendeak daukagun pribilegioa da. Eta azken urteetan inbaditzailea eta txikitzailea da beste herrialdeetan egiten duguna. Orduan, lasai nago hemen: etxean. Eta barreraren beste aldetik ikusten dut gu nola inbaditzen gaituzten, gure espazioak nola okupatzen dituzten, nola zikintzen duten dena, nola betetzen diren txoko guztiak jendez eta jendeak utzitako hondakinez, eta nola bertakoak garen hori dena garbitzeko dirua jartzen dugun bakarrak. Eta pentsatzen dut ni beste leku batera joaten naizenean ere izango dela barreraren beste aldetik begi horiekin begiratzen didanik, eta inoiz baino argiago daukat arrazoia daukatela. Ez dakit gizateria har daitekeen izurritetzat, baina egungo turismoa bada izurritea. Eta ez, ez du aberastasunik ekartzen. Prekaritatea hedatzen du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA