Beti defendatu dut osasun sistema publikoa. Inguruan tokatu zaizkidan zenbait gaixotasunen kontrako tratamenduak ez lirateke inoren eskura egongo bestela. Gurasoak zahartu ahala, behar dituzten makinak eta botikak ikusita, eskertu egiten dut egunero osasun sistema publikoa izatea. Eta gu ez gara ekonomikoki familia zaurgarria. Horregatik pentsatzen dut txerto iraungien afera akatsa baino gehiago dela. Esan nahi dut, halakoak osasungintza publikoan gertatzen direnean, nire inguruko pribatuzaleek notiziak bidaltzen dizkidate Whatsappetik. Okurritzen zaidan erantzun bakarra da Osakidetzak onartu egin duela akatsa, baina beste zenbait kasutan ez dugula inoiz jakingo halakorik gertatu denik ere.
Ez dakit lasai joango nintzatekeen bigarren txertoa hartzera lehenengoa iraungita eman didatela jakin eta gero. Larria da gertatu dena. Hala ere, jarrai dezagun osasun sistema publikoaren aldeko lanean. Gizarte osoaren lana da sistema indartsua eraikitzea, eta sendaezinak diren gaitzak inon ere ez dira sendatzen. Egia bada akatsetatik ikasi egiten dela, ikas dezagun honetatik ere. Ez dakit zer den ikasi behar duguna, baina ikas dezagun: datak egiaztatu egin behar direla anbulatorioetan, txertoa hartzera goazenean galdetu egin dezakegula zer ari zaizkigun ematen, sistema publikoa izateak akatsen onarpena ere bermatzen duela…