Ume bat saldu dute Nafarroan. 5.000 euroren truke izan da. Mutil edo gizon batekin ezkon zedin erosi dio familia batek besteari 14 urteko neskatoa. Epaileak artxibatu egin du kasua. Antza denez, neskatoari bere egoeraren berri galdetu diotenean, hark esan du bere borondatez dagoela familia berriarekin. Epaileari nahikoa argudio iruditu zaio hori gurasoak eta ezkontidearen gurasoak absolbitzeko. Begiratzen dugun lekutik begiratzen dugula, izugarria da. Berdin dit etniak edo kulturak edo jatorriak. Pertsonak ezin dira saldu, eta gutxiago erosi. Errazago uler nezake saltzen dituena. Bai. Bizirik iraun nahiak gure arrazoiak ulertu ezin dituen gauzak egitera eraman gaitzake, baina dirua daukalako nahi duena lortu dezakeela pentsatzen duen jendea arriskutsua da. Batzuek semea ezkontzea nahi dutelako jartzen dute dirua mahai gainean, beste batzuek organoren baten transplantea behar dutelako, larrua jotzeko ordaintzen dutenak asko dira, guraso izateko ordainpeko bideak gero eta gehiago dira, haien kaka beste batzuei gutxi ordainduta garbitzen dutenen epidemia zabala da…
Kontua da dirua mahai gainean jartzen duenari berdin diola lortu duen hori emateko zer sakrifizio egin duen besteak. Berak emaitza nahi du. Ordaindu egin du. Eta animalien salerosketa araututa dagoen munduan, gizakien salerosketa kasuak artxibatu egin daitezke.