Onintza Enbeita

Probokazioa

2026ko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jarri dituzte kanpin dendak Madrileko Puerta del Sol plazan, eta aztoratu dira denak. Zerbait egin behar zen etxebizitzaren espekulazioa salatzeko, eta madrildarrak mugitu dira. Madril ez da gure etxea, baina ondo dago han ondo eginda dagoena. Dena den, arreta eman dit jasotzen ari diren bisita kopuruak. Sare sozialetan sartzen naizen aldiro ari dira norbait bidaltzen: Vito Quiles, Bertrand Ndongo, Borja Escalona… eta nik ezagutzen ez nituen beste hainbat joan dira hara. Zertara? Seguruenetik minutu beteko loria bilatzera edo milaka lagunek ikusiko duten bideoren bat lortzera. Eta probokatzera: bakean dagoen jendea probokatzera. Faxistei ez zaie bakea gustatzen.

Jendea ez da kokoloa, ordea. Bidali egin dituzte. Lagun batek diost agian ez liratekeela bidali behar: haiek nahi duten irudia hori delako. Biktima bezala agertzen ei dira nonbaitetik bidaltzen ditugunean. Ulertzen dut esan nahi duena, baina faxismoa sekula ez da biktima izango. Iristen den lekura iristen dela faxismoa, berdin du armada batek, kazetari batek, idazle batek edo politikari batek dakarren, kanporatu egin behar genuke. Hobe baita behin gorri, ezen ez beti hori. Eta estrategia hori duten arren, faxistak eta haren kontrakoak berdintzea, ezin dugu lo egin. Haiek ez baitute sekula atseden hartzen, eta guk soka malgutzen dugun aldiro pauso bat ematen dute aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA