Onintza Enbeita

Suizidioa

2025eko irailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamazazpi urte edo izango genituen. Jon Lopategik Kanpantxuko eskola zaharrean elkartzen gintuen hainbat bertsolari gazte. Hiru egun egiten genuen elkarrekin, eta behin, berbaz ari ginela, bere buruaz beste egin zuen mutil baten gaia atera zen. Bere herrian gertatua kontatu zuen batek: herri txikia izaki, jendea txikituta utzi zuela gertaerak. Neuri ere ileak puntan jartzen zizkidan gure adineko norbaitek bizitzeko gogorik ez zuela pentsatzeak. Hala ere, hotzikara handiagoa eragin zidan gutako batek esan zuenean haien buruarekikoak egiten dituen jendeak ez diola penarik ematen. Haiek nahi izan dutena hori baldin bada, besteok ez daukagula zer esanik; ezta negar egiterik ere. Urte asko pasatu dira, eta, honezkero, hori esan zuenak ez luke hori esango, baina gogoan dut zenbat buelta eman nizkion buruari.

Gerora jakin genuen hori esan zuenaren hurbilean izan zela suizidio kasu gogor bat, eta orain pentsatzen dut haserretik hitz egin zigula. Erruduntasunetik akaso. Eta ez dut uste kasu isolatua denik. Askotan hitz egin dugu horrela suizidio kasuez: ulertu ezinetik eta egin genezakeena egin ezaren minetik. Gaur suizidioaren prebentziorako nazioarteko eguna da. Hitz egitetik has gaitezke. Haserrea eta mina gure barrutik askatzetik. Tabuak tabu izan ez daitezen lan egitetik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.