Onintza Enbeita

Toxikoak

2026ko uztailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit nor izan zen pertsonak toxikoak izan daitezkeela esan zuen lehena. Bistan dago asmatu zuela. Jende askok hitz egiten dugu horrela gaur egun. Neuk ere askotan harrapatu dut neure burua hau edo bestea toxikoa dela esanez. Gero, pentsatzen hasten naiz, eta barregura sartzen zait. Elikaduraren industrian kontrolik gabe erabiltzen diren zenbait gai badira toxikoak, eta lurra kutsatu egiten dute, baina pertsonak ez dakit bada nik toxikoak diren benetan.

Esango nuke gure inguruan izan nahi ez ditugun lagun horiek edo bizitzan zehar bakarrik gelditzen nola doazen ikusten ditugun horiek edo iritsi diren lekura iristeko besteak zapaldu dituztenak definitzeko badirela beste hitz batzuk. Pertsonak izan daitezke gaiztoak, gezurtiak, kanpoederrak, manipulatzaileak, hotzak, trepak, psikopata normalizatuak, lotsabakoak, itxiak, jatorregiak gauza onerako… baina toxikoak?

Batzuetan iruditzen zait modan jartzen ditugula zenbait hitz edo termino eta, gero, ahaztu egiten zaigula benetan zer esan nahi genuen beste hitz batzuk erabiltzen genituenean. Ez dut nik burla egiteko hitzen apologiarik egingo, baina gauza bakoitzari deitzeko modu berezitua dagoenean ez ditzagun hitzak gal. Baserriko hizkuntza galtzen ari den penaz bizi garen honetan, eman diezazkiogun psikologiari gure burua eta besteak definitzeko hitz gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA