Onintza Enbeita

Trantsizioa

2026ko maiatzaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiatzaren amaierak sekulako beroa ekarri du. Udaberria desagertu egin da. Ederra zen natura biziberritzen ikustea, baina aurten, maiatzaren 15eko ospakizunetan txamarra lodiarekin ibili gara, eta maiatza hondartzan amaitu dugu. Trantsizioa joan da. Agian ez da beti horrela izango. Azokan nire ondoan egoten denak esaten dit klima aldaketarenak zalantzak sortzen dizkiola. Lehenago ere izaten zirela udaberri eta negu beroak. Litekeena da. Orain, ordea, bero oldeak gero eta sarriago eta garai arraroagoetan dira. Igandean Felik esan zidan eguraldi hau ez dela naturala: 92 udaberri ikusita dago. Zerbait jakingo du. 

Aurten ez dugu udara trantsitatzeko aukerarik izan: etorri egin da. Hemen dago. Duela hamar egun tenperaturarik altuena genuenean baino bost gradu gehiago ditugu orain tenperaturarik baxuenean. Agur udaberria. Txankletak, lehorkia, hondartza, bainujantzia, izozkia, erreka, plastikozko igerilekuak baserri atarietan, fardoak…  pozik dago jendea. Opor giroa aspaldiko goizen nabaritzen da. Kontuz ibil gaitezen, ordea: biharamunak bezpera nola, halaxe izorra dezake sentsazio gozo hau kazkabarrak edo trumoi ekaitz batek edo haize bolada gogor batek. Trantsiziorik gabe egin diren aldaketak, historian ere, gaizki atera izan dira. Tomateak jarrita dituzuenok, sagarrak potinetan ikusten dituzuenok, zorte on! 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA