Epaileak esan du Trumpek bost milioi dolar ordaindu behar dizkiola Jane E. Carrolli. Sententzia ez da oraingoa, baina AEBetako presidentea askotan saiatu da atzeratzen. Kontua da Carrollek salaketa jarri ziola Trumpi sexu abusuengatik eta hark edozer esan zuela neskari buruz. Kalte ordaina sexu abusuengatik eta neskaren izenaren gaineko difamazioagatik da. Oraindik presidente izaten jarraitzen du Trumpek. Beste NBE bat antolatzeko prest dago Gaza oporretarako leku bihurtzearren. Venezuelako presidentea atxilotu zuen nazioarteko legediaren gainetik. Kubari mehatxuka ari da etengabe. Iranekin dituen negoziazioen kronikak ez dauka nondik heldu: gaur su etena luzatu nahi du, bihar ez, etzi Iran osoa xehetzeko armak dituela esaten du… Etorkinak kanporatzeko ICE izeneko polizia egitura parapolizial bihurtu du. Kalera atera orduko bete zuten curriculuma, jipoituz eta hildakoz. Epsteinen artxiboetan badira Trumpen irudiak adin txikikoekin. Dena da eskandalagarria, dena da izugarria. Haren izatea, haren hitz egiteko modua, haren ekintzak: dena.
Eta hala ere, munduari buelta eman diona izan da FIFAri eskatu diola kirolari bati txartel gorria barkatzeko. Ulertzen dut horrek futboleko Munduko Kopari zilegitasuna eta sinesgarritasuna kentzen dizkiola, baina tipo hori nor eta zer den jakinda, txikikeria iruditzen zait.