Onintza Enbeita

Udaltzainak

2026ko irailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitak galdetu dit ea ikusi dudan ertzainek Santurtzin hildako mutilaren bideoa. Esan diot baietz, baina ez direla ertzainak, udaltzainak direla. Onartu du bere akatsa. Badirudi kosta egiten zaiola garai batean aguazil deitzen genienek halakorik egin dezaketela onartzea. Polizia polizia da, ordea. Ez dakit zer den uniformeek jendearengan aldatzen dutena, edo Arkautin ikasten dutena, baina badago jokatzeko modu bat polizia asko berdintzen dituena.

Santurtziko irudiak izugarriak dira: lurrean datza Ander S.T. eta ez du mugitzeko aukera handirik, baina hala ere, taser pistolarekin egiten diote tiro. Hortik aurrerakoak tantaka jakin ditugu: ordu bi pasatu ziren ospitalera eraman zutenera arte, antza denez han ez zuten esan taserrarekin tiro egin ziotenik… Aitzakiak aitzakia, Santurtziko Udaltzaingoaren ekintzek arnasa lapurtu zioten mutilari. Eta, hala ere, gertatu zenean, jende askok esplikatu nahi izan zigun poliziaren jarrera. Beti dago norbait poliziarengan asmo onak ikusten dituena, baina bideoa gogorra da. Alkateak aitortu du udaltzaingoak informazioa ezkutatu ziola udalari hasiera batean, eta ez dagoela irudiak justifika ditzakeen ezer. Manifestazioak iragarri dira. Ander ez da itzuliko, ordea; eta zerbait egin behar dugu polizia eredu honekin. Edo poliziarekin. Udaltzainek hil zuten Ander. Udaltzainek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA