Nik ez dakit zenbat ultimatum bota dituen Trumpek Iranen kontrako gerra hasi zutenetik. Mikrofonoan ikusten dudan bakoitzean data bat jartzen dio Irango Gobernuari, eta hura bete ezean sekulakoak egingo dituela agintzen du. Beldurra ematen dit gizon hori egiteko gai denak. Ez baita bera bakarrik: atzetik dituen guztiak dira arriskutsuak, eta ez dakigu zehatz zenbat diren. Edozelan ere, Iranen erantzun lasaiek harritu egiten naute. Gau bakarrean Iran osoa suntsi omen dezake Trumpek, baina Iranek bere baldintzak jartzen ditu bakeaz hizketan hasteko halakorik entzun ez balu bezala. Epsteinen lagun zaharrak esaten du edozer eta Iranek erantzuten dio gerra hark hasi duela, baina beraiek erabakiko dutela noiz amaitzen den. Eta horrela etengabe. Nik ez dakit ultimatumak agindu eta ez betetzea nola interpretatu behar den gerra hizkuntzan, baina, nire herritartasun zibiletik, esango nuke Trumpi lerroartean irakurtzen zaiola ez dela ideia ona izan Iranen sartzea.
Bitartean Israelek Argentinan erosi dituen lurretan herrialde paralelo bat eraikitzeari ekingo dio. Patagoniaren bihotzean, baina osasun sistema, hezkuntza sistema… propioekin. Argentinan ez baleude bezala biziko dira han ez dakit zenbat judu (sionista). Pentsatzen nago gizateria ez ote den ultimatumak agintzen hasi behar duena, zentzugabekeria honen guztiaren aurrean.