Onintza Enbeita

Ura

2026ko martxoaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esan ziguten Hirugarren Mundu Gudarik izaten bada uragatik izango dela. Zoritxarrez, oraindik ere petrolioak agintzen du, baina gero eta ur gutxiago daukagu edateko. Afrikan eta Hego Amerikan enpresa handiak ari dira ura kutsatzen eta garbi dagoena lapurtzen. Lapurtzen, bai. Ura inorena ez dela esan zuen multinazional handi bateko buruak duela urte batzuk. Inorena ez izateko, majo pribatizatu dute haren erabilera hemen eta han. Guri, zehazki Urdaibaiko biztanleoi, Busturialdeko Uren Partzuergoa bahitu ziguten, eta orain Bilbao Bizkaia izeneko zera handi baten parte gara. Gure udalek ezin dute gurean jaiotzen den edateko ura kontrolatu, eta, aldi berean, partzuergo berriak ez digu sarea konpondu nahi ura galtzen dela jakin arren. Dena negozioa da garaiotan: baliabide naturalak ere bai.

Gaur uraren nazioarteko eguna ei da. Berriz ere esango digute zer egin behar dugun dutxan urik ez alferrik galtzeko, ura ez kutsatzeko edo hobeto aprobetxatzeko. Bitartean, ezkutatzen dizkiguten zokondoetan, ura aberatsei oparitzen jarraituko dute Coca Cola egin dezaten, edo zentral elektrikoak sor ditzaten komunitateentzat beharrezkoak diren errekastoak lehortuz edo batek daki nola. Txikiok aldarrikapenerako baliatu behar genuke gaurko eguna. Berak erosi arte ura ez zela inorena esaten duenari esan beharko dio norbaitek inorenak ez diren gauzak denonak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!