Ze ederra den zaindu dezazun nahi duen norbait zaintzea. Erraz ematen dizu eskua, eta erraz eskatzen dizu behar duena. Hartara, norberarentzat ez da hain nekeza zaintza behar duen horri behar duena ematea. Ez da beti horrela izaten, ordea. Hezi gintuzten moduan hezi gintuzten, gatozen lekutik gatoz, eta zaindua izan behar duten pertsona askok ez dute haien egoera onartzen. Edo onartzen dute, baina haserretu egiten dira mundu guztiarekin. Eta zaila da haien ondoan egotea. Ez dago asmatzeko modurik. Ez dakite behar dutena eskatzen, eta gero estutu egiten dira ez badiezu behar dutena ematen. Batzuetan ez da hain asegarri maite duzuna zaintzea.
Egoera emozionalak eta sentimentalak dira, eta diskurtsoa ezin da haien arabera antolatu, jakina. Zaintza sistema publikoa behar dugula argi dago. Ezin dugu debalde zaindu, guztion artean eutsi behar genukeen guztia. Hala ere, zaintzaz hitz egiten dugunean, beti egiten dugu besteak zaintzea tokatu zaigun egunaz. Ez gara kontziente gu zaindu beharko gaituzten egunean gertatuko denaz. Zaintzak babes psikologikoa behar du ia beti. Zaintza erdigunean jartzen dugunerako, badugu beste ariketa bat: gure zaurgarritasuna eta hilkortasuna onartzea. Sistema publikoak ezingo digu lagundu bestela, eta maite gaituelako derrigorrez zaintzen gaituenak ez dauka zertan onartu gure amorerik ez eman nahia.