Onintza Enbeita

Zuen alde

2026ko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guk izan genuen birramama bat herentziarik gabe utzi zutena berak aukeratu zuen gizona pobrea zelako. Birramamaren aitak lau baserri izan zituen bereak, baina ez zion alabari traizioa barkatu. Ez zitzaizkion ezkontzara etorri, ez zioten herentzian ezer utzi. Berak bere aukerari eutsi zion, beti. Guk izan genuen amama bat baserria hartu zuena, eta eguzkirik eguzki lan egin zuena. Ez zioten barkatu faxismoaren kontra publikoki azaltzea. Ez zuen sekula pauso bat atzera eman. Auzokoek etxean zuen guztia ostu zioten, baina berak bere printzipioei eutsi zien hil arte. Nik ezagutzen ditut amaren gorpua bizkarrean eraman zuten zazpi ahizpa: jendeak esango zuenaren gainetik, ama eurena zelako. Guk izan genuen herrian emakume bat mediku erdaldunekin borrokan egin zuena azkenera arte. Eta beste bat haurdun utzi zuen gizona ezkontzera zihoala jakin zuenean apaizari kontuak eskatu zizkiona. Eta beste bat andreek tabernara sartu ezin zutenean sartu egiten zena, natural.

Historiak jaso ez dituenengandik egingo dut topa gaur ere. Keinu txikietan bidea argitu digutenen alde. Haiek jakin gabe eredu izan ditugunen alde. Salto egitera animatu gintuztenen alde. Izatera ausartu zirenen alde, eta izateko aukerarik izan ez zutenen alde. Ni naizen hau zareten guztion alde. Jakin gabe ere, feminismoaren historia idatzi duzuen guztion alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA