«Kalean zarata urritzeko» eskatu du Andoni Ortuzarrek Zaldibarko zabortegiko aferaren inguruan mintzatzerakoan, auzitegien esku dagoela kontua, helduko direla argibideak (eta, horrekin ulertu beharko da, justizia).
Kalea ez da, orduan, justizia bezalako kontzeptu zabal eta konplexuak eztabaidatzeko, birdefinitzeko edo exijitzeko lekua. Epaitegien almazenean gorde behar omen da eskumen hori, injustiziak hiri osoa zeharkatzen badu ere, jaiotzen garenetik. Horixe aholkatzen diete abokatuek emakume jazarriei ere, ez aztoratzeko kalerik badaezpada, ez gerturatzeko mugimendu feministen zalapartara, uzteko epaitegiei eta poliziei lan egiten, euren kontra etor baitaiteke dena. Justiziak ez ditu kaleko bazter-nahasleak maite.
«Grafitia txerrikeria bat da», esan zuen Gorka Urtaranek, eta egileen aurkako gerra abiatu du Gasteizen, kriminologo, polizia eta grafologoak lanean jarrita.
Kalea ez da, orduan, adierazpen artistikorako eremu libre bat. Hormak publizitatez edo kameraz baino ez dira beteko, edo mezu politiko argirik gabeko ordainpeko mural ponpoxoz bestela, sare-sozialen iruditeriaren mesederako. Turistentzako azpiegitura garestiz beteko dugu hiria eta horri deituko diogu kulturan inbertitzea, Ismael Manterolak Jakin aldizkariaren abenduko alean maisuki azaltzen duen bezala.
«Norbere auzoan zahartu nahi izatea eskisito samarra izatea da», bota zuen Eneko Goiak.
Kalea ez da, orduan, bertakoen epe luzeko bizi-proiektuetara egokitzen den esparru bat, unean uneko interes ekonomiko eta espekulatzaileen arabera eraldatu eta garestituko den lur zati bat baizik. Hirian beraien bizitzako hiru gau igaroko dituztenentzako lo-lekuz eta bazkalekuz beteko dira auzoak, eta hustuko dira bestelako mundu ereduak imajinatzeko balio duten espazio autogestionatuak, gaztetxeak, eremu okupatuak (justiziaren edo kulturaren inguruan hausnartzeko parada eskaintzen duten leku bakan horiek, hain zuzen).
Kalea ez da, orduan, pentsatzeko leku bat. Kalea ez da, orduan, kontsumitzea ez den beste jardunetarako leku bat. Kalea ez da, orduan, geldirik egoteko leku bat. Kalea bada, hala ere, etxerik ez dutenen aukera bakarra. Kalea bada, hala ere, eraso mota askoren kokaleku, baina ez omen da, haatik, horien kontrako mobilizazioetarako gunerik egokiena.
Kalea ez da, orduan, lanetik etxerako eta etxetik lanerako bide bat besterik.
Orduan, kalea ez da.
BI TARTE
Kalea zer ez den
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu