BI TARTE

Zaku berean

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bi zaku, biak zulatu beharrekoak? Ez dakit zuen inguruan hala izan ote den, baina geurean behintzat hori ere ekarri digu deabruzko pandemiak; bi zaku, eta bereizketa dikotomiko zurrun bat, aurkakotasunean eraikia. Ezin jakin zein unetan ahaztu zitzaigun izan badirela grisak beltzaren eta zuriaren artean, eta posible dela beltza edo zuria dena ere pirrinta grisaxkaren batek ñabartzea aldizka. Ezin jakin zein unetan bilakatu zen jolas besteren bat txertatuta ote dagoen ala ez asmatzea.

Onintza Enbeitari Izurritea liburuan irakurri nion bezala, apenas geratu zaigun zalantzarako eta ñabardurarako tarterik. Bere hitzetan, «muturrak zehaztu eta sendotu dira: dena ondo egin duten herritar eredugarrien eta dena izorratu duten herritar gaiztoen artean banatu da guztia. Eta tartea desagertu egin da; batzuentzat negazionista zara, besteentzat tragazionista eta, azken finean, benetako erabakiak libre hartzeko esparrua desagertu egin da». Arantxa Urretabizkaiari ere aspaldi azpimarratu nion honakoa, Bidean ikasia liburuan: «desadostasun bat sortzen denean, gure arteko joerarik zabalduena jarrera bakoitza muturreraino eramatea da, muturraren muturrera».

Errua besteari egozteko behar larriak bultzatuta, muturraren muturrera jo dugu ustezko koherentziaren bila. Begi batzuetatik beha, hautu zehatz baten atzean kabitzen ziren erabakimena, kritikotasuna eta, are, boterearekiko desafioa; bigarren hautua, ordea, sumisio hutsa zen, zalantzan jarri eta hausnartu gabeko erabaki bat; ez-erabaki bat, funtsean. Aurkako begietatik beha, aldiz, txertoari uko egin dionaren erabakian ez zen kabitzen egoismoa baino; behar kolektiboaren gainetik lehenetsitako hautu pertsonala.

Bi norabideetan jaurti dira gezi formako epaiak. Neu ere behin baino gehiagotan sentitu naiz epaituta erabaki dudana erabakitzeagatik eta bai, erabakia izan da. Errudun bihurtu naute zenbaitek, osasun larrialdiaren kudeaketa negargarri eta neoliberalaren konplize, eta mafia farmazeutikoetako buru gorbatadunen zaku berean sartu naute. Bien bitartean, aurkako erabakia hartu dutenak ere zaku bakarrean bildu dituzte, Policías por la libertad-eko kideekin eta mugimendu feministari aldarriak lapurtu eta txertaketa bortxaketarekin parekatu dutenekin batera.

Askatasunetik hurbilen dagoen ekintza zalantza dela irakurri nion behin norbaiti; zalantzak dauzkazunean zarela askeen. Ezinezkoa iruditu izan zait sarri erdian kokatzea ni iz niz iz mitxisti iz fiministi; anbiguotasunezko tranpa bat, busti nahi ez zuenarena. Kasu honetan, baina, gustura entzuten ditut tarteetan kokatu eta blaitzeko prest daudenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA