Handik eta hemendik

Bigarren minututik

Imanol Murua Uria.
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Xabier Arzalluzek aspaldi kontatua. Ajuria Eneko Hitzarmenaren bileretako batean autodeterminazio eskubideaz eztabaidatzen ari ziren. Itunaren testua negoziatzen ari ziren garaian izango zen, akaso. 1980ko hamarkadaren bukaera, beraz. Carlos Garaikoetxea Eusko Alkartasunaren izenean esan eta esan ari zen, Arzalluzen arabera, hemen independentzia defendi daitekeela, baina ezin daitekeela lortu. Eztabaida blokeatu egin zen nonbait eta, zerbaiten kontsulta egin behar zuelako-edo, Ramon Jauregi PSE-PSOEko ordezkaria gelatik irten zen, telefonora. «Madrilekin» hitz egitera, Arzalluzen susmoaren arabera. Hariaren beste aldean nor zegoen ez zekien EAJko buruzagiak, baina elkarrizketaren bukaeran Jauregik zer esan zion entzun egin zuen: «Horixe besterik ez genuen behar: azkenean eman behar dieguna, orain ematea».

Ez ditugu ondorioak errazegi aterako. Arzalluzen kontakizunak ez baitu esan nahi Jauregi ministro eta hautagaiak, gaur egun, bere kabutan onartuta duenik «azkenean» autodeterminazio eskubidea aitortu egin beharko denik —harrituko nintzateke gaur BERRIAk argitaratu duen elkarrizketan halakorik esango balu—, baizik eta buruzagi sozialistak garai hartan uste zuela autodeterminazio eskubidearen aitortu beharreko garaia iritsiko zela «azkenean»; betiere, entzundakoari buruz interpretazio zuzena egin baldin bazuen Arzalluzek. Eta akaso, Jauregik «azkenean» esan zuenean, gaur egungoari buruz ari zen, ETAk armak uzten zuen momentuari buruz. Baina urteak ez dira alferrik joan.

Ramon Jauregiren alderdikideek telefonoz elkarren artean ari direnean eta beste inork entzuten ez dietenean zer esaten duten ez dakigu, eta jendaurrean esaten dutenarekin etsi beharko. Hain zuzen ere, Jose Antonio Pastorrek gogorarazi dit Arzalluzek Jauregiri buruz kontatu ohi duen pasadizoa. Pastorrek esan du ezin dela «lehen minututik» autodeterminazio eskubideari buruz hitz egiten hasi. ETArik gabeko garai berriari buruz ari zen: «denen artean», ahalik eta adostasun zabalenak bilatuz, jokaleku politiko berria «marraztu» beharko dela jabetzen dela, baina hori presarik gabe egin behar dela.

Arrazoi. Lehen minututik autodeterminazioaz, erabaki eskubideaz edo estatus politiko berriaz hitz egiten hasi direnen arteko baikorrenek ere ez dute espero PSE-EEk eta are gutxiago PPk lehen minutuan gai horietaz hitz egiten hasteko prestasuna izatea. Baina minutuak, urteak bezala, pasatu egiten dira. Eta gatazka politikoaren funtsaz ez eztabaidatzeko aitzakia nagusia, ETAren indarkeria, desagertu egin da.

Ahaztuta daude jada ETAk jardun armatua uztearen truke Estatuko indar politiko nagusiek euskal herritarren erabakia errespetatuko zuten bermea lortzeko esperantzak eta estrategiak. Orain, indar harremanak aldatzen saiatzeko garaia da, eta pedagogia politikoa egitekoa, baita Madrilen ere.

Minutu batzuk baino zerbait gehiago joan da Francisco Letamendia Ortzi ezker abertzaleko parlamentarioak, garai hartan Euskadiko Ezkerraren izenean, Espainiako Kongresuan autodeterminazio eskubidea ia bakardade osoan defenditu zuenetik, Kongresuko mintzatokian ukabila jaso eta «Gora Euskadi Askatuta!» oihu eginez dimisioa eman zuenetik. Eta atzo zela iruditzen zaigu, baina sei urte eta erdi joan dira dagoeneko, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida Madrilgo Kongresura eramanez bi subjektu politikoen arteko talka gutxitan bezain argi agertarazi zuenetik.

Bigarren minutua azaroaren 21ean has daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.