Beatleskoek Abbey Roadeko zebrabidea ezingo lukete lasai zeharkatu gaurko autoak ez baitira gelditzen oinezkoak pasatzen uzteko. Boufflers etorbidekoan, lanera joatean, askotan izerdi hotza pairatzen dut: kasik nehor ez da geratzen, bidearen erdian nagoen arren. Txofer presatuak ziztu bizian doaz oinarrizko arauaren errespetua galdua bailuten. Alabaina gidariak bolantean nagusi dira eta ez ditu oinezko txepel batek trabatuko. Aski da haien soa gurutzatzea gorrotoaz jabetzeko.
Urtarrilaren 1az geroztik, ez bakarrik zebrabidean engaiatuaren baina ere espaloian aiduru denaren trabesatzea baimentzeko paratu beharko dute beribilek legearen arabera. Hainbeste istripu agitzen da karriketan. Gidari anonimoa gaztiguari ihesi doa, Mourenx hirian urteko azken astean adineko gizon bat harrapatu zuena kasu. Oinezkoa, txirrindularia bezainbat, lanjerrean dago. Alta hiria guztiena da. Horrelako aldarrikapenak aditzen dira behintzat.
Lau hamarkada beranduago agian ez genukeen Come together kantaren entzuteko aukerarik izango gure Beatlesak cadillac gorri batek lehertu balitu. Ahantzi dezagun hiriak autoentzat bakarrik direlako ideia eta zebrabideen parean geldi gaitezela, geroa oinezkoena delako.
Bira. Itxaro Borda
Abbey Road
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu