Idurre Eskisabel
BIRA

Aizkora

2014ko urriaren 10a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Interesez hasi naiz Al-Jazeerak Argentinaren menpeko maputxeei buruz egindako erreportajea ikusten. Inalen du protagonista: Patagoniako maputxe bat, maputxe izateari eutsi nahi diona, eta argi duena horretarako ezinbestekoa dela identitateari dimentsio soziopolitikoa ematea. Ondorioz, borroka horretan dabil, buru-belarri.

Horrez gain, emakumea da Inalen, eta badu alaba txiki bat, Rumel. Bien harremana azaleratuz joan den heinean, hasierako interesa bizitu zait, ispilatuta ikusi baitut neure burua Patagoniako eremu zabaletan, amaren eta alabaren bizipenetan. Izan ere, guraso eta umeen arteko harremanen ohiko baldintzagarriei beste bat eransten zaie Inalenen eta Rumelen kasuan, alabari eta bioi gertatzen zaigun bezala: azpiratua den identitatearen bermatzaile egin nahi ditugula txikiak, kontrakarrean hazi, edo, gutxienez, erresistentzian.

Eta ezinbestean, hasi naiz neure buruari galdezka Inalenen hautuak eta nireak ba ote dakarkien onurarik gure alabei, bizimodu erraz eta zoriontsuagoa ez ote geniekeen eskainiko nortasun kontu horiek ahaztuta, edo, gutxienez, kontsumogai likido gisa ulertuta.

Zalantza horietan nabilela, Barbie zuri eta distiranta ikusi dut Rumel txikiaren gelan, gure alabaren gelan dagoenaren berdin-berdina. Pentsatu dut gure ahalegina Barbie-ri adats urrekara erauzteko aizkora gerta dakiekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA