Aliantza Katalanak bazterrak inarrosten ditu, eta Polonia emankizun satirikoan demagun, trufa airez hartzen dute oraino Ripolleko Silvia Orriols politikariaren ekina: gidoilariek irri eginaraztea lortzen dute, egoera negargarria den arren. Kataluniako jendartearen arrangura nabaritzen da. Korsikan, halaber, bada beldurra Mossa Palatina alderdi nazionalistarekin halako zerbait gertatuko dela, bereziki azken asteotan, martxoko hauteskundeen atarian, Batzar Nazionaleko kideekin uztartu ondoren. Frantses eskuin muturrak eskualdeetako kulturak eta hizkuntzak partida ditu, baina oportunista dela ezin uka.
Aner Ansorenak galdera bat egin du egunkari honetan: xenofobia eta aberriaren ideia kontserbatzaile baten inguruan biribilduriko euskal jatorriko eskuin muturreko mugimendu bat sortu daiteke gure artean? Ez ote gara, diot nik, maketoak maite ez zituen ingurune politiko batetik ilki berri? Lanjerra hor dugu. Adibideak badira, iskanbilak, eta ikusi ditut nire begiz, euskara eder batean idatziak gainera, atzerritarren presentzia gaitzesten zuten flaierrak.