Baionako merkatuan erosten dudan barazki hau sakratua da niretzat. Udara hurbiltzen delarik, entsalada guzietan sartzen dut Foeniculum vulgare naturaren mirakulu ederra, xerra finetan ebakirik, kasik olio, gatz eta piperrik gabe. Anis gustu hori maite dut, aho-sabaiaren eta zintzur gingilaren freskagarri. Nire sukalde-arau inprobisatuak oro mihiluaz aberasten ditut, nahiz eta inguruan ditudan lagunek ez duten mihiluaren zapore berezia biziki estimatzen.
Zigarreta uzten ari nintzen garaietatik datorkit mihiluarekiko maitasun begetal trinkoa. Nonbait irakurri nuen astean mihilu bat eta egunero baratxuri zizter gehi sagar bana jatea aski zela osagarria mantentzeko. Denborarekin, mihilua niretzat egiazko bizioa bilakatu da, ez dut deus gehiagoren beharrik bizitzako plazer txikiez gozatzeko.
Eta gainera, Hildegard von Bingen (1098-1179) serora mitikoaren Bingeneko komenturaino eramaten nau mihiluak, urrez hornitu liburu batean, Jainkoarenarekin batera, landare zoragarri horren izena goratu baitzuen begetariano guzien ama gisa kontsidera genezakeen sainduak. Amen.