Itxaro Borda

Berri on bat

2025eko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikerketa batek dioenez, ez da munduan, gaur bezainbat aberats nehoiz zenbatu. Bereziki Ipar Ameriketan, bertan kasik 600.000 milionari gehiago kontatzen baitira aurtengoz. Mundu mailan, giza talde hau %2,6ez emendatu da, bakoitzaren patrimonioa loditzen joan den bitartean. Herrialde guzietan, Euskal Herrian barne, notatzen da tendentzia hori, burtsak eta adimen artifizialaren birlak ederki sustaturik. Ahaldun ekonomikoekiko zergen arinketa biderkatuek, halaber, jadanik duena are duenago egiteko baldintzarik egokienak sortzen dituzte: gobernuak fortuna handien gaineko zergak ez ditu ukitu nahi, baina hiztegia manipulatuz, BEZ soziala martxan ematea aipatzen du, denek orok tasa hau paga dezagun, kontsumitzen dugun ber.

Aberastasun amets zurrunak garamatza, bizitza lorpen froga bat bailitzan, dirua ausarki edukitzea benedikatua eta santifikatua delarik. Bilakaera hau kritikatzen duenari enbeios eta jeloskor bat baizik ez izatea leporatzen zaio. Gure arteko pobreenek ere estatuak aberatsenak gaizki tratatzen dituela deitora dezake Balto ostatuko barran, goizeko ardo xuria zurrupatzean, baten jabetzak bestearen gabezia elikatzen ez balu bezala!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.