Galdera asko egiten da Frantzia behere horretako gertakarien inguruan, hemen bertan eta Europa mailan ere: nola da posible gainerako estatuei zibiltasun lezioak egiten dituen herrialde bat periodikoki eta itsuki sutan jartzea? Manifestatzen dabiltzanak arraiki jotzea, kolpatzea, atxilotzea hain kopuru handian? Sindikatuek eta bitarteko instituzioek beraien tupinaren tapaki zeregina ez betetzea? Eskuineko alderdiek, gobernuak barne, errepresioaren bidea hobestea? Inegalitate soziokulturalen leizeak zabaltzen uztea, ondoriorik ez datekeela sinetsiz?
Pesimistak egin gaitzaketen galdera horiez gain, baditugu pozik egoteko arrazoiak. Igandean, baserrian nintzen eta blokusarengatik Etxepare lizeora joan gabe zegoen ilobarekin harilkatu nuen solasa: lanak internet bidez eskuratzen ditu, ezkiaren maldako bere etxean egiteko. Erran zidan, bide nabar, zuzeneko euskara klaseak falta nabaritzen zituela, aurten Amaiur E. izeneko irakasle bikaina dutela, idazle garaikideak eta klasikoak jorratzen dituztela. Biziki sinpatikoa dela ere erantsi zidan!
Begira, lelori bai lelo guzia ez da galdua.