Itxaro Borda

Dakarzkigun

2025eko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iragan ostiral arratsaldean Seaskak deitu danborradan nintzen, ikastolen destinoak larruan markatu iparraldeko biztanle jeneraziokoa naizelako agian. Epopeia horretan parte hartu dut, besteek bezala, ikastola berriak eraikitzen, taloak egiten eta kontzertu antologikoak antolatzen Sohütako ezker paretan. Ikastolen mugimenduak ongi erakusten du herritarrak biltzen direnean hizkuntza eredu baten biziarazteko, lorpen duinak erdiesten ahal direla, egoera latza izanagatik.

Baionako herriko etxearen maldan metatuak geunden beraz, ehunka haur, ikasle eta jende, prediku ezberdinak entzuteko; udaletxeko balkoian, Leon erregearen agerpena baizik ez zen eskas! Kazolak ozen zebiltzan, oihuak airos eta txaloak ugari, pastel koloreko maiatzeko arrastiri apal hartan. Seaskako triunbiratoko kide baten diskurtsoa burutik buru segitu eta lasaitu ederra hartu nuen «ea aste honetan etorriko den errektore berriak albiste onak dakarzkigun» erran zuelarik... «Dakarzkigun»? J’adore. Ohartzen nintzen bat-batean, nahiz eta frankotan gaitzesten didaten, ez nintzela aditz trinko zale bakarra! Ez da hain osagarri txarrean trinkoki trikutzen dabilen herria, ezta?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.