Hauteskundeak hurbiltzen ari zaizkigu eta hautua Baionan egiazko dilema bat dela aitor dut. Hor ditugu, alde batetik, erakartzen gaituen beren programa mamitsua banatzen dabiltzan Baiona Mugimenduan zerrendakoak. Gure sineste soziopolitiko propioen ildoko diskurtsoak plazaratzen dituzte. Ezkerrekoak garelako funtsean, antifaxistak, eta gainera, hizkuntzaren orainak eta etorkizunak kezkatzen dituen euskaradunak ere bai, euskaldun pür-pürak ez garen arren menturaz. Hor dugu, beste aldetik, hamabi urte hauetan, Baionaren destino urbanoa itxuraldatze bidean jarri duen auzapezaren lista, nahiz eta azken finean, errealitatean, hiria berritzen doan arau, jende arruntak bertan ezin errotua pairatzen duen.
Anitzetan bozkatu dugu gure uste finkoen zirrikitutik, sekretuki esperatuz neurri bateraino hobesten genuen kandidatua pasaraziko zuela gehiengoak. Beldur naiz martxoan halatsu gertatuko zaigula, zerbait litekeelako hala ere, eskuineko zentrista bati botoa ematea, bizi osoan langile eta subalternoa izan ondoan!