Egunkari, telebista eta sare sozialek hain dute normalizatzen, non jendea ari den deblauki eskuinik bortitzenak boterearen giderrak hartuko dituen eguna desiratzen! Solasaldi bitxiak entzuten dira Baionako autobus eroso eta freskoen aizolbean: «Bardella presidente? Ez dugu deus arriskatzen... beste alderdi guziak saiatu ditugu eta porrotera eraman gaituzte... zer galtzen dugu eskuin-muturra entseatzen baldin badugu?». Herritar jada larriki gabetuen ahoetatik isurtzen diren hitz hauek hautemateak berak ikara hotza eragiten digute, niri eta nire inguruko batzuei halaber. Sistema oso bat, CAC 40ko nagusiak eta eliteak buru, egitura demokratikoaren barnetik metapolitika eginez, hau da kultura bere orokorrean bahituz, faxismoa darion ideologia horretako politikariak boterera ekartzeko xinaurri lanetan ari da.
Isilik gelditzen naiz ene xokoan, baina galdera bat dabilkit buruan zirikari: ez al dute hiztun ustez ausart horien aitatxi-amatxiek jadanik faxismoa dastatu, 1940-1944 artean Petainen eta nazien okupazio garaian? Ala denbora larderiatsu haien nostalgia daukate?