Igandeon Pirinio Atlantikoetako kontseilu orokorrak seigarren aldikoz euskal erlaitzaren besta antolatzen du. Jendea trumilka etorriko da gaur itsasora isurtzen diren labarren etengabeko mineralizatzea miresteko eta segur aski Abadiaren gaztelu maldako Loiako badiara jaisteko hango harridiak uhinarekin jostatzen segitzeko. Munduko leku ederrenetarik bat baita erdaraz La Corniche deitzen dena.
Askotan egin dut oinez bide hori Miarritzen edo Bidarteko Erretegia hondartza misteriotsuan hasirik. Xirlinga oihukariak buru gainean, haizea ileetan eta olatuen marruma belarrietan aitzinatzeaz ez naiz sekula aspertzen. Airearen gazitasun horren premia daukat zainetan, bai eta xendra bakartietako isiltasunarena. Izerdia kopetan perla nabilenean, holtzetan behera purruska infinitesimaletan lerratzen diren harrixka bat baizik ez naizela nabaritzen dut: umiltasuna eskatzen didate gesalak, Belarra edo Parlamentiako spot perfektuek.
Euskal kostaldea, gure mendialdea bezain ukigarria da. Urrats oroz poemak zor dizkiogu menturaz. Kantak. Eresiak batzuetan, betonatzetik salbatu gunea delako. Geriza dezagun, maita dezagun gure urezko txikitasuna maite duen bezala.
Hitzen ispiluaren lehen emaitza.
BIRA
Erlaitzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu