Onintza Enbeita.
BIRA

Harria

2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Igandean eta bart harria bota du gurean. Zerbak makila batekin jo ditugula ematen du: txikituta daude. Tomateak ere erabat markatuta. Hala ere, pozago gaude iazko lehortearekin baino. Udara luzea da eta ipini berri diren landareek eman diezaiokete egoerari buelta, baina txitean-pitean ura egiten ibili beharko bagina, larriago genbiltzake abuztu amaieran. Zer esanik ez, Busturialdean daukagun arazoarekin. Ez, ez, arazoa ez da ur eskasia: arazoa da Bilbo Bizkaia Partzuergoaren utzikeria. Hilabete eta erdi egon gara hodiak konpontzera etortzeko zain. Behin eta berriro deitu diegu esateko goiko baratzera goazen aldiro putzua dagoela, eta handik hodiak pasatzen direla. Gu ez gara soro horretara egunero joaten; beraz, ezin dugu kalkulatu zenbat ur galdu den, baina litro asko: hilabete eta erdi egon gara zain.

Euriaren zain ere halaxe egon ginen iazko udaran, eta aurten ez nuke angustia hori bizi nahi. Egunero eguraldiaren aurreikuspenei begira, eta egunero Jainkoari kaka pilo bat edo bi bidaltzen aurreikuspena ez delako bete eta euririk ez duelako egin. Harria ere ez da atsegina, baina teilatua badugunok eusteko modukoa da. Eskatzen hasita, nahiago nuke uraren kudeaketa ukatu digutenei egingo balie harria, baina ez dut uste haiek piperrak biltzera makurtuko direnik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.