Itxaro Borda

Hauste

2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aspaldikoa naiz eta kontatuko dudanak, progresoak, gorputz eta arima, irentsi zuen mundu bateko istorio baten irudipena ukanen du irakurle gehienentzat. Hauste goizetan, halatan, Bastidatik zetorren Aranburu konpainiako autobusak saldoan eramaten gintuen herriko elizara. Meza entzuten genuen eta garizuma garaia irekitzen zuen hautsarekiko gurutzetxoa marrazten zigun apezak gure haur hotz kopetetan: imilitz eta ilaun artean hauts ginen, hauts gara eta hauts garateke… barneratu dugu irakaspena.

Hauste egunean hasten da berrogei eguneko barau eta bijili denbora pazkoak kristauki prestatzeko. Ostiralaz gain, orduko egun guziak mehe genituen. Ez genuen haragirik jaten eta Donapaleuko merkatutik, lur sagar egosiekin gozatzen genuen merluza gazitu puskak ekartzen zituen aitak. Dagoeneko inor ez da ibiltzen hautsezko gurutzea kopetan eta nehork ez du gehiago etxean kozinatzen. Alderantziz, haragi ultratransformatua —eta honek sinbolizatzen duen kapitalismoaren hedonismoa— egunean hiru aldiz ahoratzeko eskubidea aldarrikatzen dute askok.

Et in pulverem reverteris

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA