Bazterrak mugitzen hasiak dira heldu den martxoaren 15 eta 22ko herriko bozen karietara. Larunbateko merkatuan hautagaiak ikusten ditugu beren programa koloretsuak banatzen eta balizko bozkatzaileekin elekatzen, solasaldi haboroxeenak hitz berekin bukatzen direla: «bozkatzera joan behar da!». Demokraziaren balioa ezagutzen duten adin batekoak dira horrela mintzo, gainerakook jadanik prest baikara, adrenalina gure zainetan isuriko du(ke)ten botere autoritarioen alde ekiteko.
Urrun gaude Piarres Lartzabalek taula gainetara ekartzen zuen Herriko Botzak antzerki haren girotik. Orduan, zuriak eta gorriak pataskatzen ziren eta herritar guzientzat, bigarren mundu gerlatik jalgitzean, bozkatzea zeregin kasik erlijiosoa zen. Ezinikusi tribalak sortzen ziren, klase borrokaren funtsa ukatzen zuten batzuek eta besteek bakearen, fedearen eta heskualduntasunaren izenean herritarren eskubide arruntak lehertzen zituzten.
Gaur ez bezala, pasioak pizten ziren herriko bozen inguruan. Orain hautagai gorririk ez da gehiago, gehienak arrosak edo zuri zurbilak bilakatu direlarik.