80ko hamarkadan atentatu bat antolatzen ari zela, bere bonbarekin zartatu zen IK-ko ekintzailearen memoria plazaratzen zuen freskoa ezabatzea galdegin dio prefetak Itsasuko herriko etxeari. Polemika piztu eta funtsezko galdera bat altxatu da herritarron artean: zer egin Euskal Herriko iragan gatazkatsuarekin eta gudarien figurekin? Euskal jendartea bera, prefetaren deirik gabe, iragan hori ahanzten saiatzen da, egunerokoan mende erdi batez deus gertatu ez balitz bezala jardunez.
Baina iraganak min egiten du oraindik. Herritarren parte batek gatazka horren ondorioak sufritzen ditu: haurrak galdu dituzte, haurrak preso dituzte, haurrak hil dizkiete eta haurrek hil dute, Arestiren Josepa Mendizabalek oroitarazten zuen moduan. Zati horrentzat, biktimak eragin dituen borroka hori debalde ez izatea ulergarria da. Memoria lantzeak, haatik, ez luke iragan ustez heroikoarekiko nostalgia piztu behar gazteagoen bihotzetan: biolentzia ez da bidea. Eta noski, iruditeria gure begietatik kentzearekin batera, iraganaz sakon hausnartzea ezinbestekoa da, eta ez bakarrik fikzioaren bidez.