Euskal Elkargoko batzar nagusiak Isuri Gutxiko Eremuak jadanik kenduak zituen bere programetatik, oroz bat jende arruntarenganako urriki faltsuz: dirurik ez dutenak penalizatzen omen dira hiri erdiak beribil zaharkituei debekatuz. Eta ez dute horrelakorik merezi. Sosik ez duen herritarrak ez du autorik eta garraio kolektiboetan ibiltzeko abilezia dauka. Politikariek hori ez dakite, autobusik sekula ez dutelako erabiltzen. Elkargoko buruzagi berriak gaia berriz ekarriko ote du eztabaida mahai gainera?
Europar herri askotan martxan dira IGE hauek. Donostian adibidez, eta nehor ez da harritzen, oinarrizko kotxearen dolua dakartenak salbu. Frantses senatuan, diputatuen ondotik, egiturak sinplifikatzearen aitzakian, hatsa hobekiago hartzeko gune baliosak ezeztatu dira, airez aire, eta lehen urratsa baizik ez da. Laster prekauzio printzipioaren aldi izanen da FNSEA sindikatuaren galdez, pestizida lanjerosak berriz baimenduko dira halaber, azkenean industria kimikoen aldeko ikerketa batzuen arabera, molekula horiek osagarriarentzat biziki onak litezkeelako!