Lineako hegazkin pilotu talde batek gaitzetsi berri du Cannesko zinema festibalera datozen izarren jet pribatu ugariek eragiten duten erregai kontsumoaren obszenitatea. Amerikar aktore aberatsenak eta ezagunenak heldu dira saldoan, bakoitza bere aireko txikian, Cannesko aireportuan halako arduragabetasunaren ballet bat osatuz. Ormuzko lepoa zerratua da oraino eta egikera salatzen dutenek uste dute dagoen kerosenoa premia larrietarako atxiki behar dela, laguntza humanitariorako edo herrien defentsarako. Besteak beste.
Baina interes pribatuek gaina hartzen duten planeta batean bizi gara. Jakiten da, gainera, jet pribatuek eta nazioarteko hegaldiek ez dutela karbono tasarik ordaintzen. Eta kolektiboetan behartsuenak baizik ez dira biltzen, apaletsiak arras, kanoi-haragiak, langabetuak, pandemiek plegatuak, hoberenean arimarik eta jendetasunik gabeko kontsumitzaile soil gisa kontsideratu herritarrak. Attac bezalako erakundeek bi abiaduretako mundu baten irudia iragartzen zuten behiala. Argi da dagoeneko banaketa asozial horrek jet lag zerbait sorrarazten duela gure buruetan!