Hemen berean geunden duela berrogei urte, I want to break free oihuka zebilen juke-box delakoaren ondoan, zurito epelak zurrutatzen, GAL erakunde mertzenarioak gure artean eragiten zuen erailketa oldeak eta horrek sortzen zigun izu fisikoaz hitz egiten. Egia erran, zutaz maitemindua nintzen, baina Monbar Hoteleko atentatuaren biharamunean, bidegabeko amodio horren melodia asma ezinez. Hiltzaileek iparralde osoa hartua zuten tiro-eremu gisa eta eurite gauetan, siderazio egoera betean genbiltzala aitor dut. Dagoeneko ez da kasik deus ageri Baionako karriketan, memoriaren zokoan gelditu diren odol tatxa uherrez aparte. Hargatik, nahiz eta geroztik erantzun zatiak eskuratu ditugun, galdera bat dago egundainokoan gure baitan errotua: nork utzi zuen sarraski hau guzia garatzen?
Xina tabernako terrazan, gaur egun, garagardoaren ordez, txokolate haguna milikatzen dugu eta altxatzen gara ostatuan sartu berri den Fermin Muguruzaren besarkatzeko: bizirik gaude, alabaina, gogoan ditugun batzuek ez zutela aukera hori ukan jakitun...