Onintza Enbeita.
BIRA

Katarsia

2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Irailean berriz hasiko den bertsolari txapelketa burua betetzen hasia zaidan garai honetan, bertsoaren aukera zoragarrien jabe egin naiz asteburuan Madrilen. Ez dakit gaitasun emozional nahikoa ba ote dudan Uxue Alberdiri Kontrako eztarritik liburua idatzi izana eskertzeko. Zorra handitu egin zait orain, Reikiavik argitaletxeak gaztelaniaz publikatu duenean. Aitzakia horrekin joan ginen Madrilera, eta katarsia izan da. Batetik, bertsolaritzak txikia, handia eta ertaina ere nola behar dituen ikusi dugu berriro. Eta munduari egiten duguna kontatzea emozionantea izan arren, argi dago guk, batez ere, etxerako lan egiten dugula. Bestetik, ordea, hemen Madrilen ahots gora irakurri nuen liburuan Uxueri kontatua, eta balio izan zidan jabetzeko behin batean, bolada labur batez ezkerreko koalizio bat ordezkatu nuela bertan, eta liburuan bertsolaritzaz esaten dudana erraz estrapola nezakeela Kongresura. Are gehiago: erraz identifikatu ditzaket Kontrako eztarritik-en azaltzen diren 22 zapalkuntza mekanismoak orduko Bilduren barruan.

Bertsotan eraiki gara: ez oztoporik gabe, baina hemen gaude. Eta Danele Sarriugartek asteburuan oso ondo esplikatu digun elegantziarako joeraren izenean, isildu egin gara tarteka. Zorionez, katarsi hauen ondoren, gero eta gutxiagotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.