Ez dut iparraldea eta hegoaldea bereizten dituen muga aipatuko goiz honetan. Beharko nuke agian, nahiz eta hondar urteotan azal zuriko Europar izakiontzat halako fluiditate batekin zeharkatzen dugun, duela lau hamarkada baino anitzez beldur gutxiagorekin egia erran. Batzuek diotenez, euskal herritarron buruetan baizik ez da muga hori aurkitzen dagoeneko!
Azken egunetako lizeotarren mugimenduaren karietara kartoietan idazki bereziak plazaratu dira, mundua beraien gauza balitz bezala kudeatzen duten miliardunen ekin inpudikoari mugak jartzeko aldarriarekin. Leloen arabera «estatuak gazteak gaizki tratatzen ditu, miliardunak aldiz balakatzen». Aspaldiko teoria ekonomikoa den limitarismoaren eraldatze garaikidea da, beraz, ikasleen eskakizun hau. Platonek asmatu jendarte orekatu hartan, aberatsek pobreen lau halako ondasunak zituzten, ez gehiago.
Sosdun okituek demokrazia andeatzen dute, neurri batetik hara dirua toxikoa bilakatzen da, botere iliberal totalitarioen hedapena bultzatuz. Hori da justuki ikasleek eta herritarrek karrikan salatzen dutena...