Krimen antolatuaren zurrunbiloa gizonezkoek kudeatu alor baten gisa itxuratzen dugu: Corleonetarrak hor dira bistan dena, hala nola Toto Riina edota Bernardo Provenzano ospetsuak. Filmak egin dira, liburuak idatzi Roberto Savianoren Gomorra bezalakoak, mitoak ondu ere bai, epopeiak beti jendarteko mala gisonekin eraikitzen direlako, adibidez Pablo Escobar Gaviriaren edo El Chapo Guzmanen figurak ardatz.
Fikzioan haatik narkotrafikoa armiarmatzen duten emakumeak irudikatu dira halaber, Kate del Castillok Mexikon gorpuzten duen Teresa Mendoza erraldoia baizik ez aipatzeko. Hogei urte beranduago, ematen du Hegoko Erreginaren alabak egiazki sartu direla dantzan: neskak azpiegituretan dabiltza hilketen logistikaz arduratzen eta dagoeneko pistolak eskuetan jauzten dira krimenen lekuetara. Merkatu letal horretako kontratuak zehatz betetzen dituzte, ikaratu gabe.
Istorio hori ez da gaurkoa, gutariko asko oroituko baitira 80ko hamarkadan Baiona Txikia odoletan utzi zuten GALeko hiltzaileetatik bat emazte bat ba omen zela —edo ileordearekiko gizonezko bat, nork daki?