Errepikatzen digute ordua azken aldikoz kanbiatu digutela. Baina Europa mailako tenore aldaketa horrek ez du etenik: negukotik udakora pasatzen gara eta urri hondarretan, udakotik negukora. Balantza erritmiko horri ohitzea zaila da bizidunentzat. Negu bezperan, bat-batean murrizten doa egunaren argitasuna —hori bai abenduko Aturriren urdina urdinago eginez—, eta gauak beldurgarriki luzeagoak dira, Georges Perec handiak zioen bezala «bizitza, ametsik gabeko lo batez» harilkatzeko arriskua biderkatuz.
Loaz gain, eguneroko ohiturak larritzen ditu sasoien eta orenen segidak. Jakintsu batzuek ikerketa harrigarri bat eraman berri dute. Badirudi urtaroen jarraipenak gure balio moralak ere estutzen dituela: ona eta txarra ez ditugu berdin ikusten udan, udaberrian etxe garbiketa erraldoia egiten dugu, hotzetik ihes gabiltza urtarril minean eta orduan, maite dugun pertsonaren ondoan kokatzen gara tinki-tinki. Ondorioak badira, oraino ere, memoriaren, adi egotearen, eskuzabaltasunaren, enpatiaren edo janari premien alorrean.
Honek zure umore txarra esplika dezake beharbada!