Egunkariak irekitzen ditugunean, bereziki asteburuetakoak, autoek oinezkoak harrapatzen, kolpatzen eta batzuetan hiltzen dituztela agertzen dituzten berriak leitzen ditugu. Egia da oinezkoa lanjerrean dela etxetik ateratzen den ber. Hiri erdietan abiadura murritzagoak diren arren, auto gidariak ez ditu errespetatzen —are gutxiago bizikleta elektriko ikusgarrietan dabilenak—, eta ez du ulertzen zergatik dabiltzan oinezko desgraziatsu horiek karrikan trebes, karrika orobat berea dela uste duelarik. Gizon ala emazte izan, autoa ahalik indartsuena duenaren psikologia bitxia da, hamarkadetan sinetsarazi zaiolako, gainera, bera dela bideetako erregea edo erregina!
Gure familiako izeba serora xahar bat harritzen zen pausoz pauso San Izpiritu zubia zeharkatzen gurutzatzen ninduenean. Pobre gisa agurtzen ninduen: «O, gaixoa xu, beti oinez... ez duxu autorik ala?» Zaila zitzaidan aitortzea, bobo aspergarri baten moduan, beribil bat baneukala, baina ez nuela hiri guneetan erabiltzen, askotan, urratsean, autoz zebilena baino zaluago egiten nuelako bidea.