Bizitzen ari garen garai politiko hau ez da txarra denentzat, eta eskuin muturreko ideologiek irabaziko dutelako peskizan daude gure inguruko okituenak. Ikusten dute, adibidez, nazioarteko zergen bataila legala galdu berri duen Trump presidentearen aberastasuna 1,4 miliar dolarrez emendatu dela boterera heldu denez geroztik. Kriptomoneten arloan omen ditu irabazirik handienak. Mexikoko mugan altxatuko duten hiru metro gorako hormaren eraikuntza enpresetan dituen parte hartzeak ere emankorrak dira. Autokraten ametsa, herria beraien zerbitzuko jartzean datza… besterik ez.
Aberatsenek, LVMH luxuzko taldeko burua den Bernard Arnault batek bezala, zerga sobera ordaintzen dutelako negar anpuluak idortu eta agerpen mediatiko arranditsu eta harroak egiten dituzte: 650 milioi dolar kostatuko den 143 metro luzeko yacht pribatu baten eraikuntza manatu du, Amazoneko Jeff Bezosenak 127 metro baino ez dituelarik. Artikulua bukatzean berriketariak dioenez, bat-bederaren fortuna pertsonala 160 miliarreko haga gainditzear dagoenean, estra txiki batzuk zilegitzen ahal dizkio bere buruari, ezta?