Frantziako Batzar Nazionalak «heriotzarako eskubidea» bermatzeko legea onartu zuela entzun nuelarik, berehala Tartas zaharraren titulu bereko 1666ko liburuaren oihartzun urrunak bete zidan garuna: Euskal lurretan izan ezik, orain auzoko errepubliketan ere, herritarrak hiltzen ahalko dira, beren nahiaren arabera eta sakon prestaturik. Diputatuak ez ziren denak ados bistan dena, fede-bide ezberdinak ere ez, baina arta paliatiboak eta hiltzerako laguntza gure dretxoen zerrendan sartu dira dagoeneko. Abusuen beldur daude aurkariak orain. Herioarena gai unibertsala eta intimoa da aldi berean, jende gutxi baita hiletatik pizten...
Hondar hamarkada hauetan tabu bilakatua da herioa. Ez da aipatzen haurren aitzinean, are gutxiago gaixo larrien parean. Erlijioak dira herioaren tratamenduaz eta haraindiko bizi promesez axolatzen, nahiz eta gure artean ateoak badiren eta jada ehortzeta zibilak egiten diren. Omiasaindu egunez baizik ez gara oroitzen hilkorrak garela, bestelakoan, halako immaterialtasun sentsazio batez, eternalak gintezkeela sinestera ere helduak garelarik. Herioa bai, prefosta, baina ahalik beranduen...