Iranen eta AEBen arteko gerla irekiaren karietara petrolio barrikaren prezioa gora doala, gure inguruko kategoria sozial batzuen auhenak entzuten dira. Enpresariak, laborariak eta lantokia beren etxeetatik urrun duten beharginak sufritzen ari dira. Ohartzen gara, mugaz honaindian adibidez, nahiz eta hondar urteotan Elkargoaren eskutik egoera hobetu den, mugikortasun sare publikoa ez dela batere herritarren eguneroko joan-etorri zuzenen faboretan antolatua.
Soka-tira krudel partida baten lekuko gabiltza: multinazionalek eta gasolina banatzaileek ez dituzte prezioak apaldu nahi, petrolio litroaren gaineko tasa ekologikoa kentzea onartuko lukete bistan dena, baina estatuak ez du horrelakorik irudikatzen, tasa horrekin finantzatzen duelako energia fosiletatik jalgitzeko ekina. Herritar guztiok ordainduko ditugu beraz, aurrekontuen leizeak areagotuz, estatuak zenbait sektoreei emango dizkien diru-laguntzak!
Dolorez egiten da petrolioarekiko adikziotik ateratzeko gurutze-bidea, eta argi dago ez-garapenerako jauzia mingarria izanen dela gutariko askorentzat.