Bartzelonan ginen hiru euskal poeta iragan asteburuan, queer festibal gozo batean parte hartzeko. Hiri hau berez poetikoa dela ezin uka, bere etorbide zabalekin edo Call auzoko karrika hertsiekin. Oinezkaldi bakoitza katalanezko literaturaren zeharkaldi bat da. Ez genuen, halatan, Mercè Rodoredari omenaldi baten egiteko parada huts egiten ahal.
Urratsen buruan Plaça del Diamanten erdi-erdian aurkitu ginen, Colometaren tailuaren itzalean bazkaltzen, hunkituak, memoria ariketa bakarrean Bartzelonaz maiteminduak, katalanez bara-bara saiatzen eta Gracia pasagian selfieak eginez nagitzen. Ravaleko Central liburu dendan ausatu ginen gero, Rodoredaren soneto eta Maria Mercè Marçalen bilduma bana eskuetan.
Bartzelonak ez du begirik ixten, 7/24ko erritmoan bizi da, jende uhinak hartzen ditu nazkaraino eta beti zerbait gertatzen da dena posible delako sentsazio horrekin! Eta gainera, topea guretzat, etxerako hegazkin bidaia Bartzelonako emakume futbol taldeko Aitana, Irene, Aixa eta Patriren konpainian egin genuen.
Euskal poetak ere Pradaz janzten dira Bartzelonan.