Ez dut pantaila askorik ikusi uda honetan, baina begipean ukan ditudan bakanetan, preziorik apalenean eskaini ontasunen, jantzien eta haragien kolore biziak begietsi ditut, goragaleraino. Txokolate poteak, eskolako tresneriak, pasta industrialak, haur esklaboek Vietnamgo workshopetan josi kirol-zapatak, eranskin kimikoz hantu ogiak eta gutariko aberatsenak tentatzeko A zigiluarekiko energia kontsumitzen duten SUV autoak. Beherapenak biderkatzen dira urtean bizpahiru aldiz, merkeenak funtsean zenbat balio duen kontuan hartu gabe.
Preziorik apalenaren bilakuntza kolektiboa eromena da. Soldata apalak justifikatzen ditu, munduaren esplotazioa, tratu txar sozialak, benefiziorik handienak halaber, gure hiriak emokatzen dituzten salmenta-gune multinazionalentzat. Bizkitartean, janari organikoek edo kotoizko kamisetek, adibidez, ez dute publizitate-egituraren esku-ukaldi izpirik jasotzen. Alderantziz, kontrakoa da diskurtso ofiziala: biologikoa, sasoikoa, etxekoa garesti da eta gainera dudak badira ekoizpenaren egiatasun ekologikoarekiko!