Duela urtea trantze larrian ginen mugaz honaindiko biztanleak, tupustean, ekain hasieran, Macron presidenteak diputatuen ganbara disolbatu ondoren. Batzar Nazionalak gobernatu herrialde bateko hiritar bihurtzearen perspektibak oilo larrua hazten zigula daitort. Batzuek zioten ez genuela deus galtzekorik, Le Pendarren klanaren boterea hautatzea behingoz ez zitekeela hain gaizki, ez genuela oraino saiatu, gure arbasoek 1940an jada faxismoa dastatu ez bailuten: ez dira aldatu, betikoak dira, antisemitak, misoginoak eta homofoboak, ez gaitezen trumpa! Besteok, aldiz, galtzeko arriskuan geneuzkan eskubideen zerrendak egiten hasi ginen, euskal kulturaren ikuspegi ekile eta modernoa lista horretan sartuz.
Bitxi dirudien arren, Fronte Popular Berria izeneko koalizioa irabazle egin genuenean, hemendik hiru diputatu gorri Parisera bidaliz gainera, uste dut Errepublika nolabait salbatu genuela. Lankide ohi bat, haatik, aspertua da Errepublika plutokrata eta antisozial horren sustengatzeaz. Hurrengoan ez omen da bozkatzera aterako, familia handietan bezala, Errepublikak ez baititu baitezpada bere haur guziak berdin maite: emozio politikoen gramatika...