Euskararen egoera infinituki larria da, politikaren eta ekonomiaren alorrak aipatu gabe... bada denetan astean ostiral bat, gure aita zenak erraten zuen bezala, irri zaparta ironiko bat libratu aitzin. Negar egiteko parada dugu eta jendeak gure negarrak mirets ditzake. Etorkizunak beldurtzen gaitu. Eta gainera, onak eta txarrak seinalatuz, gu eta gutarren arteko leizea zulatzen ari gara. Marasma horretan, egia erran, orokorrean, euskaraz plazer gutxi.
Nahiz eta mendeetan zehar soinu-banda izugarria dabilkigun belarrietan. Isturitzeko flautaren melodia meharretik hasi, gaur egungo Aimarz gaztearen Zurebegiendistira izeneko piezarainoko zerrenda musikal oparoa osatzen ahalko genuke. Tartean, Junes Xuburu, Su Ta Gar edo Olatz Salvador, Izaro eta Errobi. Sailkapena eginez gero lehen postuan Lurdes Iriondo jarriko nuke nik, bere Hala ere espektralarekin, gutariko frankoren garai ilunetako kandelatxoa izan zena, bai eta Herria Maitatzeko era asko dago kanta hunkigarria ere, ex-aequo, berrikitan entzun dudana, zuzenean, Durangon, Gontzal Mendibilen ahotik.