Egia da, aste hondar honetan Baiona xerri-kuttina bezain arrosa jarriko duen xingar feria ez dela egokia ni bezalako begetariano pasionatu batentzat. Ez dateke osagarriarekiko haragiaren gaitzak publikoki aipatzeko giro, ekologista madarikatuak beti zinkurinaz hautematen direlako, batzuen probetxuko dabilen okelaren salerosketa beharrezkoaren gehiegikeriak salatzen! Alkohol sobera isuriko da hiritarren zintzurretan behera, gurina eta azukrea burrustan. Gizonak gizon ibiliko dira Roland Barthes plazako txaboletan...
Egia da, berdinki, urdearen inguruan Euskal Xerriaren mitologia aberats bat eraiki dela. Urde hiltzea, txerriaren eztei edo boda gisa ulertzen dugu, bere urdetasuna sakrifikatzen balu bezala gizakion egunerokoa segurtatzeko! Deleuzek arrainei buruz bota zituen hitzak egokitu eta ekarriko ditut gaurko zutabearen ixteko: «Ez badituzue txerriaren hil-oihuak entzuten, ez dakizue zer den bizitza!».
Baina, argiki, abereekiko sentsibilitaterik gabeko jendeak bilakatu gara. Zer ez genuke egingo xingar xerra baten trukean?